Rafahrako martxan parte hartzekoak ziren ekintzaileak atxilotzen hasi da Egiptoko Polizia

Malu Egiluz EHNE Bizkaiako kidea Kairon dago, Palestinarako martxan parte hartzen, eta baieztatu duenez, 230 atxilotuen artean zortzi euskal herritar daudela, horietako sei Kairoko aireportuan eta beste bi Salma hotelean.

Marcha-Global-a Gaza - Egipto atxilotu

[berria]

March to Gaza nazioarteko ekimenak goizaldean jakinarazi duenez, bihar Rafahrantz abiatzekoa zen martxan parte hartu behar zuten ekintzaileak atxilotzen hasi da Egiptoko Polizia bart gauean. Zehazki 200 ekintzaile inguru atxilotu ditu, tartean, gutxienez zortzi euskal herritar. Malu Egiluz martxan parte hartzekoa den euskal herritarretako batek jakinarazi du Kairoko aireportuan hartu dituztela atxilo sei euskal herritar, eta Salma hotelean beste bi. Egiluz bera ere Kairon dago.

Egiluzen arabera, atzo arratsaldean Bartzelonatik abiatu zen hegaldi batean iritsitako 30 bat pertsonari ez zieten utzi Egipton sartzen: «Aireportuan atxiki zituzten, telefonoak kendu zizkieten, eta atxilotze gune batean sartu zituzten». Horien artean dago Reem Dandan, Euskal Herriko ordezkaritzako kidea. Kairora joan aurretik honela mintzatu zen: «Lasai ekingo diogu Rafahrainoko bideari, eta ahaleginduko gara Gazara iristen». Bada, ezingo du Gazara iritsi. Deportatua izateko zain dago Kairoko aireportuan, atzo gaueko hamaiketatik, eta familiakoekin hitz egin ahal izateko baino ez diote itzuli telefonoa.

Malu Egiluz eta Amets LadislaoMalu Egiluz, eskuinean.

Orain arte partekatutako informazioaren arabera, hauek dira atxilotutako parte-hartzaileak:

    • 20 ordezkari frantziar atxilotu, galdekatu eta ekipajea erregistratuta zuten.
    • 2 ordezkari nederlandar deportatuta, 20 atxilotu aireportuan.
    • 70 ordezkari aljeriar 24 orduz baino gehiagoz atxilotuta Kairoko aireportuan, 40 deportatu eta beste batzuk oraindik atxilotuta.
    • Norvegiako 10 ordezkari deportatuta. Egiptoko agintariak Norvegiako 2 ordezkari dauden hotelera joan ziren, eta ordutik ez dute haiekin harremanik izan.
    • Espainiako Estatuko 26 ordezkari atxilotu eta atxilotu dituzte.
    • Atxilotu eta atxilotutako ordezkari suediar bat.
    • Baieztatu gabeko ongizate-estatusa duen ordezkari finlandiar bat
    • Deportatutako 12 ordezkari marokoar
    • 6 ordezkari alemaniar deportatu
    • Deportatutako 2 ordezkari belgikar
    • 30 greziar galdekatuta aireportuetan
    • AEBko ordezkari 1 atxilotu eta hotel batean galdekatu zuten, eta, ondoren, autobus batean sartu, deportatzeko.
    • 14 ordezkari poloniar atxilotuta
    • Deportatutako 5 ordezkari portugaldar
    • 25 holandar atxilotuta
    • Costa Ricako 2 ordezkari deportatuta, azken 4 orduetan jakinarazpenik egin gabe
    • Erresuma Batuko ordezkari bat deportatuta
    • 2 australiar atxilotu dituzte, eta beste batek komunikazioa galdu du.

Frantziako aireportuetan hegaldiak hartzera zioazenei ere galdeketak egin dizkietela kaleratu du Frantziako Blast hedabideak, martxan parte hartu asmo duten iturriak aipatuz. Gainera, Kairoko hoteletan «sarekadak» egin dituztela jakinarazi dute, eta aireportuak atxiki dituzten zenbait ekintzaile «ordu luzez» eduki dituztela janik eta urik gabe.

Egiptoko Atzerri Ministerioak goizaldean kaleratu duen oharraren arabera, atzerriko delegazioek aurretiaz oniritzia lortu behar dute Al-Arishera zein Rafahra joateko. Horretarako eskaerak Egiptoren enbaxaden bidez, beste herrialdeek Kairon dituzten enbaxaden bidez edo nazioarteko erakundeen bidez egin behar direla zehaztu du ministerioak. Ohar hori «pozgarria» dela adierazi du March to Gaza ekimenak, sare sozialetan; izan ere, azpimarratu du protokolo guztiak bete dituela: «Martxaren antolakuntzak eskatutako protokoloak guztiak bete ditu». Antolakuntzak gehitu duenez, azken bi hilabeteetan martxaren antolatzaileek baimenak koordinatu dituzte hainbat herrialdeetako enbaxadekin eta Egiptoko Kanpo Arazoetarako Ministerioarekin. Jakinarazi dutenez, Egiptoko agintarien erantzun formalaren zain jarraitzen dute.

Antolatzaileek sare sozialetan zabaldutako mezuetan azpimarratu dute martxa «baketsua» dela, eta ez dutela Gazako muga zeharkatzeko asmorik, ezta soldaduei aurre egitekorik ere. Horregatik, Kairori exijitu diote atxilotutako ekintzaileak aska ditzala, eta baimendu dezala martxa. Egitasmoak Egiptoren interesekin bat egiten duela adierazi dute, Kairok gaitzetsi izan baitu Israelek Gazara laguntza humanitarioaren sarbidea blokeatzea.

Egiptok ekintzaileak Rafahra heltzea eragotziko zuela espero zuen Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek. Atzo ohar batean adierazi zuenez, «manifestari jihadistak arriskuan jarriko dute Egiptoko erregimena». Horregatik, Kairori eskatu zion geldiarazi zitzala manifestariak. Gainera, ekintzaileak Gazan sartzen saiatuko balira, jakinarazi zuen hori eragozteko agindua emana diela Israelgo militarrei.

Tunisiatik beste talde bat

Egiluzek martxak aurrera jarraituko duela espero du, baina, kezka adierazi du: «Badakigu Egiptoren jarrera zein den». Via Campesina nekazarien aldeko nazioarteko mugimenduko ordezkaritzarekin batzekoa da gaur Kairon, eta eskatu du arreta Gazan jartzeko: «Horretarako etorri gara hona».

2.500 ekintzaile baino gehiago ari dira biltzen egun hauetan Kairon, Rafahrako martxan parte hartzeko. 50 herrialde baino gehiagotatik iritsi dira. Egiptoko hiriburura joandakoak Tunisiatik irten den beste talde batekin elkartzekoak dira gaur. Handik ere milaka pertsona abiatu dira asteon, Rafahra iristeko asmoz. Egiluzek jakinarazi duenez, konboi horren inguruan jasotako azken berrien arabera, Libia eta Egipto arteko mugan zeuden.

Martxa bihar da abiatzekoa; helburua da Israeli presio egitea, Gazara laguntza humanitarioa sartzea baimendu dezan: «Israelgo gobernuaren eskuetan bi milioi pertsona baino gehiagoren gosete, bonbardaketa eta sufrimendu behartuari emandako erantzun moral premiazkoa da hau», adierazi zuen Dandanek. Ekintzaileak Al-Arish hirira autoz joatekoak dira gaur; handik 48 kilometroko bideari ekiteko, eta aurreikusten dute bi eta hiru egun artean behar izatea Rafahra iristeko. Behin Rafahn, hiru eguneko kanpaldia egin asmo dute mugan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.Email address is required.

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.