GAZTEAK NEKAZARITZAN KOKATZEKO EHNE BIZKAIAREN PROGRAMA

Nekazaritza-sektoreak azken hamarkadetan izandako bilakaerak zenbait ondorio eragin ditu: ekoizpena industrializat­ zea; bioaniztasunaren eta bertako barietateen galera eta mundu-merkatuekiko mendekotasuna. Horiek guztiak direla medio, bada, nekazaritzan aritzeari utzi zaio eta belaunaldi berriek ez dute lekukoa hartu.

Egoera horren aurrean, zenbait erakundek zera erabaki zuten orain urte batzuk: eredu agroekologikoaren aldeko apustu irmoa egitea, elikadura burujabetza lortzeko eredu jasangarria eta sozialki justua dela ulertuta.

lldo horretan, aspalditik ari gara zenbait lan-ildo garatzen, betiere, ikuspegi integrala lagun eta prozesu kolektiboa baliatuta.

1. Prestakuntzaren eta ikaskuntzaren bidez laguntzea

EHNE Bizkaia - Formacion

Hainbat erakunde sentsibilizazio- eta kontzientziatze-lana egiten ari gara agroekologiaren eta elikadura- subiranotasunaren arloan. Lan horri esker, gero eta gehiago dira landa-eremuan autoenplegu-proiektu batí ekiteko aukera aztertzen ari diren lagunak.

Gainera, krisiak eta langabeziak bultzatuta, gero eta pertsona gehiago hurbiltzen dira familiak dituen eremuetan zerbait egiteko ideiarekin, bai autokontsumorako, bai autoenplegu-prozesu bat abian jartzeko.

Lagun gehienak, baina, hiriguneetan hazi dira, eta, oro har, proiektu agroekologiko bat garatu nahi dutela argi badute ere, ez dute nahikoa prestakuntza eta ezagutzarik prozesu hori aurrera eramateko gutxieneko bideragarritasun-baldintza batzuetan.

Horregatik, EHNE-Bizkaiak, beste erakunde batzuekin lankidetzan, laguntza emateko prozesu bat eskaintzen du:

    • Prestakunt­za- eta ikaskuntza-plan bat da, honako hauek osatua: askotariko tailerrak, ikastaroak, bisitaldiak..
    • Aholkularitza pertsonalizatua.
    • Praktikak egiteko aukera; izan ere, baserritar askoren konpromisoa dugu, beren eskualdeetan edo udalerrietan sustapen-lana egiten baitute, belaunaldi berriei nekazaritzaren ezagutza guztiak transmitituz.
2. lnstalazio progresiboa

Baserritar gaztea

Gazte askok lanean hasi eta inbertsio handiak egin dituzte, eredu intentsiboak bultzatuta, edo lehenengo instalaziorako diru-laguntzak eskuratu ahal izateko baldintzak betetzearren. Gero, bada, inbertsioak amortizatzeko eta are sektorean jarraitu ahal izateko zailtasunak dituzte.

Guk, ordea, instalazio progresiboaren aldeko apustua egiten dugu. Seguruena, logikoena eta arrisku gutxien dakarrena dela uste dugu. Izan ere, gutxieneko inbertsioak eginda, instalazioa hazi egingo da, segurtasun handiagoa eta ezagutza gehiago ditugun heinean eta geure merkaturatze-bideak sortu ahala.

3. Gertuko merkaturatze-zirkuituak

Santo Tomas Azoka jende

Gero eta argiago dugu gertuko merkaturatze-zirkuituak berreskuratzea dela prozesu honetan aurrera egiteko bide bakarra.

Honako ekimen hauek ezinbestekoak dira landa-eremuaren garapenerako eta instalazio berriak bultzatzeko: udal-merkatuak eta azokak biziberritzearen aldeko apustua, tokiko produktuak eta sasoian sasoikoak merkaturatzeko; eskola-jantokien kudeaketa berreskuratzea, tokian tokikoa balioetsiz eta hezkuntzarako espazio gisa duten garrantzia aldarrikatuz.

Merkaturatze-zirkuitu horiek gertukoak izan behar dute, boina ez soilik fisikoki; humanoagoak ere egin behar ditugu. Pertso­nen arteko harremanak berreskuratzeko balio behar dute, eta baserritar eta herritar gisa geure elikaduraren gainean erabakiak hartzeko dugun ahalmena sendotu.

4. Proiektu kolektiboa: aliantzak eta balioen aldaketa

EHNE Etxalde-LVC banderak Amets

Ekoizteko eta merkaturatzeko modua aldatzea ez da aski. Ezinbestekoa da balio be"rriak txertatzea elikagaien prozesu guztian. Hori da, hain zuzen, benetako alternatiba bat, sistema eraldatzeko gai izango dena eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatuko duena sortzeko modu bakarra.

Beste erakunde eta tolde batzuekin bideratutako aliantzek eta sare-lanak euren fruituak ematen ari dira: enplegua hazi egin da, eta gero eta gazte gehiago ari dira nekazaritzaren sektorean instalazioak jartzen.

5. Beste lan-ildo osagarri batzuk

eskola jantokia

Era berean, prozesu horiek garatzeko beharrezkoak diren beste lan-ildo osagarri batzuk lantzen ari gara, hala nola finantza etikoak garatzea edo eraldatzeko eta merkaturatzeko kooperatiba txikiak sortzea, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko kooperatiba mistoak, eskola-jantokiekin lan egitea, eskoletan sentsibilizatzea, etab.

Proiektu honetan parte hartu eta balioak aldatzen lagundu nahi baduzue –indibidualismoa prozesu kolektiboengatik, lehia solidarioagatik, monolaborantza biodibertsitateagatik, kontsumismo pasiboa erantzukizun partekatuagatik, bezeroak herritar konprometituengatik...–, jar zaitez gurekin harremanetan (beherago duzu harremanetarako inprimakia).

GURE ESTRATEGIAK
1. Helburua: Gazte baserritarren prekarietate ekonomikoa murriztea, merkataritza- eta banaketa-estrategia dibertsifikatuz
    • Elkarlaneko produkzio-esperientziak sistematizatzea (banakako baserritarren aliantzak zeregin-banaketekin: merkaturatzea, banatzea, etab.)
    • Banakako baserritarrak prestatzea elkarlaneko ekoizpen-metodologian
    • Elkarlaneko produkzioko eskualde-planak egitea sustatzea
    • Baserritar gazteen bezero izan daitezkeen pertsonen profila, kokapena eta elikadura-kontsumoaren ohiturak zehaztea
    • Nekazaritza-produktu ekologikoak erakunde publikoei (eskolak, ospitaleak, egoitzak, etab.) saltzeko jardunbide egokiak sistematizatzea
    • Nekazaritza-produktu ekologikoak erosteko erakunde bakoitzak eskatzen dituen baldintzak definitzea, baita kasu bakoitzean egin beharreko izapideak ere.
    • Udaletan, aldundietan eta Eusko Jaurlaritzan negoziazio eta eragin politikoko prozesu bat sakontzea, nekazaritza-produktu ekologikoen erosketa zentro gehiagotara zabaltzeko.
    • Analisi-taldeak erraztea, gazte baserritarren produkzio-mailetara egokitutako banaketa- eta merkaturatze-aukerak sortzeko
2. Helburua: Baserritar gazteen prekarietate emozionala murriztea
    • Baserritar gazteen sozializaziorako eta topaketarako gune partekatuak sustatzea eskualde-mailan eta eskualde-artean.
    • Baserritar gazteen artean esperientziak trukatzeko topaketak bultzatzea, proiektu agroekologikoa abiarazteko (zailtasunak, aukerak, bizipenak...).
    • Sindikatura hurbiltzen diren gazteei aholku, esperientzia eta gomendioen zerrenda bat ematea, instalatutako gazteen esperientzietan oinarrituta.
    • Genero-ikuspegia duten gazteen artean, nekazaritza-arloko lan-osasuna eta laneko segurtasuna ikertzea.
    • Zaintzako eta autozaintzako jardunbide egokiak sistematizatzea eta baserritar gazteen foro batean aurkeztea.
    • Baserritar gazteak zaintza pertsonal eta emozionalaren beharraz sentsibilizatzea, tresna erakargarri eta pedagogikoen bidez.
    • Generoaren eta maskulinitateen inguruko bizipenezko prestakuntza-prozesu bat eskaintzea, gizonen eta emakumeen autozainketa hobetzeko.
3. Helburua: Baserritar gazteen antolamendu-prekarietateari heltzea
    • Gazte baserritarrak gizarteratzeko eta elkartzeko gune bat sustatzea, kolektibo gisa helburu komunak ezartzeko
    • Lidergoak indartzeko prozesu bat eskaintzea baserritar gazteen artean
    • Baserritar gazteentzako elkarte-gune baten sorrera bultzatzea
    • Eskualdeetako gaikako guneak sortzea, gazteek identifikatutako arazoei buruzko esperientziak trukatzeko
    • Baserritar gazteen ekoizpenen jardunbide egokiak eta esperientzia arrakastatsuak sistematizatzea, ezagutzak trukatzeko modu gisa
    • Bereziki baserritar gazteekin egiten diren nekazari-trukeetan sakontzea.
    • Parte hartzeko online tresnen sorreran eta horien erabileran sakontzea
BASERRITAR GAZTEENTZAKO BALIABIDE PUBLIKOAK

GAZTENEK NEKAZARI GAZTEENTZAKO PLANA 2020

Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiek parte hartu dute Gaztenek 2020 programan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan jarraitzen den prozedura da lehen aldiz instalatu nahi duen gazteari laguntzeko.

Gaztenek 2020 prozeduraren helburua da gazteak modu mailakatuan sartzea eta hasitako ezarpen-prozesuak porrot egiteko arriskuak murriztea.

Prozedura horretan oinarritzen da 2014-2020 aldirako Landa Garapenerako Planean jasotako diru-laguntzak izapidetzeko, egiaztatzeko eta, hala dagokionean, emateko erabakia, lehen ezarpenerako laguntzak (6.1 neurria) eta nekazaritzako ustiategien inbertsioetarako laguntzak (4.1 neurria) kasu, hala nola lehen ezarpenagatiko Lehen Zutabeko laguntza-osagarria jasotzearen gainekoa edota Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak gaitutako programen bidez (Sendotu programa, etab.) finantzaketa lortzeari buruzkoa.

↓ Deskargatu Gaztenek Plana ↓

ALDUNDIAREN LUR-BANKUA

Bizkaiko Foru Aldundiaren 81/2020 FORU DEKRETUA, abuztuaren 25ekoa. Honen bidez, Bizkaiko Lurralde Historikoko Nekazaritza Lurren Funtsa arautzen duena. Helburua: «Nekazaritzako ustiategietan —lehendik daudenetan edo sortu berrietan— nekazaritzan jardun nahi duten guztiek lurra eskuratzeko beharrezko diren baldintzak aseguratzea, eta ustiategien estentsifikazioa sustatzea».

«Nekazaritzako jardueretan diharduten pertsonek zailtasun asko dituzte erosketaren bidez finkak eskuratzeko, besteak beste, lurraren prezio altuengatik. Gainera, ez dago nekazaritza-ekoizpenerako finkak alokatzeko merkatu eraginkorrik. Gero eta sarriago ikusten dugu egoera hau: jardunean eta finka gehiagoren faltan dagoen ustiategi bat eta, haren ondoan, beste partzela batzuk, landu gabe egoteagatik su-arriskuan edo izurrite eta gaixotasun fitosanitarioak izateko arriskuan daudenak, ezer ekoizten ez dutenak. Landu gabeko finka bat arazoa da gizarte osoarentzat. Aitzitik, landuz gero, finka horrek aberastasuna sor dezake jabearentzat nahiz nekazariarentzat; gainera, nekazaritzako praktika onak erabiliz gero, iraunkorra izan daiteke, inguramenaren ikuspegitik, gizartearentzat».

↓ Deskargatu Eskabide fitxa ↓

‘ERASMUS RURAL’

Landa Campusaren Programa Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak garatutako ekimena da, Unibertsitate Ministerioarekin eta Errektoreen Konferentziarekin lankidetzan, eta edozein titulazio ofizial duten unibertsitarioei landa-inguruneetan prestakuntza-praktikak egiteko aukera ematen die.

Programari atxiki zaizkion unibertsitate publikoetako graduko edo masterreko ikasleei zuzenduta dago. Ikasleek urtero argitaratzen dute deialdia, praktikak egin ahal izango dituzten udalerrien eta erakunde laguntzaileen eskaintzarekin. Praktikak ekainaren 1etik urriaren 31ra bitartean egingo dira, eta gutxienez hiru hilabete iraungo dute, eta gehienez bost hilabete. Ikasleek 1.000 euro gordineko beka jasoko dute hilero ostatu eta mantenurako.

↓ Informazio osoa ↓

ZEBERIOko ‘NEKAZALGUNEA’

Zeberioko Udalak prozedura bat jarri zuen abian, interesdunei lehen sektoreko proiektuak garatzeko ezinbestekoak diren azpiegituretako batzuk baldintza egokietan eskuratzeko aukera emateko.

Zehazki, asmoa zen zenbait lur-zatitarako sarbidea erraztea, etxebizitza gisa apartamentu bat izateko aukera eskaintzea proiektuaren lehenengo garapen-faserako, eta Ermitabarriko eskola zaharretako beheko solairuko espazioa interesdunen esku jartzea, lehen sektoreko produktuak egiteko, eraldatzeko eta kudeatzeko instalazioak muntatu eta abian jartzeko. "Nekazalgunea" da bai Plan osoari bai aipatutako eraikinari (Ermitabarriko eskola zaharrak) ematen zaion izena.

↓ Deskargatu Nekazalgunea Plana ↓

Lagun zaitzakegula uste baduzu edo informazio gehiago izan nahi baduzu edo galderaren bat egin nahi badiguzu, bete itzazu, gutxienez, nahitaezko eremuak. Lehenbailehen jarriko gara zurekin harremanetan. Gainera, EHNE-Bizkaian afiliatu nahi baduzu, jo orrialde honetara.

* duten eremuak nahitaezkoak dira

×