Bizkaiko Foru Aldundiak aitortu du emakume baserritarrek landa-ingurunearen jasangarritasunari egiten dioten ekarpena, eta sektorearen aurrerapenak eta erronkak aletu ditu.

Landa-eremuko Emakumeen Munduko Eguna dela-eta, emakume baserritarrak aitortzeko ekitaldi bat egin du Bizkaiko Foru Aldundiak. Ekitaldi horretan honako hauek parte hartu dute: Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru-diputatu Arantza Atutxak, Landa XXI.eko presidenteorde Nieves Martínez de Morentinek, Etxaldeko Emakumeak elkarteko kide Amets Ladislaok eta Saskiako presidente Lorea Momeñek. Topaketan, nabarmendu egin dira emakumeek Bizkaiko landa-ingurunearen garapenean duten zeregina, lurraldeari eusteko egin duten ekarpena eta azken hamarkadetan nekazaritza-sektoreak bizi izan dituen eraldaketak.
Bizkaian, gaur egun, 4.799 emakume daude nekazaritza-ustiategiei lotuta, titular, titularkide edo bazkide gisa. Haietatik, 3.491 titular ordezkari gisa ageri dira, 90 titularkide gisa, eta 767 emakumek beste harreman bat dute ustiategiarekin (ezkontideak, amak edo alabak). Pertsona juridikoek kudeatutako ustiategien kasuan, 123 emakume bazkide ordezkariak dira, eta 328 emakume, berriz ez dira ordezkariak. Azken bost urteetan, emakumeen presentziak hazkunde txiki bat izan du. 2020an baziren emakume bat titular zuten 3.385 ustiategi; 2025ean, berriz, halako 3.593 ustiategi daude; beraz, % 6ko igoera izan da. Emakumeak buru dituzten autokontsumorako ustiategiak ere ugaritu egin dira: 2020an 2.106 ziren; 2025ean 2.404 dira. Ustiategi motaren arabera, mistoak dira ohikoenak merkatura bideratutako ustiategiak dituzten emakumeen artean; emakume abeltzainak, berriz, nagusi dira autokontsumorako ustiategietan. Bi kasuetan, abeltzaintza-orientazioa da nagusi oraindik ere. Emakume titularren batez besteko adina 63 urte da, eta ez dago alde nabarmenik merkaturako edo autokontsumorako ustiategien artean. Datu horrek agerian uzten du belaunaldi-erreleboan lan egiten jarraitu behar dela.
Belaunaldi-erreleboa eta nekazari berriei laguntzea
2020tik 2025era bitartean, Bizkaian nekazari gazteak lehen aldiz instalatzeko 73 espediente onartu dira; haietatik 27 emakumezkoei dagozkie, eta 46 gizonezkoei. Bestalde, nekazaritza-ustiategietako inbertsioetarako laguntzek erakusten dute emakume onuradunen presentzia etengabea: 2023an, 24 emakume titular eta 34 bazkide izan ziren; 2024an, berriz, 26 emakume titular eta 34 bazkide. 2025eko deialdia irekita dago gaur egun.
Ekitaldian, Arantza Atutxa diputatuak ibilbide historiko bat egin du emakume baserritarrek izan duten eginkizunean zehar: «Gure baserrietako emakumeak funtsezkoak izan dira eta oraindik ere badira ezagutzak transmititzeko, lurra kudeatzeko eta landa-inguruneko gizarte-sareari eusteko. Gaur egun, 4.799 emakume daude zuzenean lotuta Bizkaiko nekazaritza-ustiategiei, eta haien ekarpenak ahalbidetu du lurraldeari eta ekoizpen jasangarriari lotutako bizi-eredu bati eustea.» Atutxak, gainera, azpimarratu du politika publikoak garrantzi handikoak direla emakume gazteak sektorean sartzea bultzatzeko, belaunaldi-erreleboa indartzeko eta nekazaritza-sektorean benetako berdintasunean aurrera egiteko.
Landa XXI.eko presidenteorde Nieves Martínez de Morentin andreak, berriz, azken urteetan lortutako aurrerapenak nabarmendu ditu: «Gero eta emakume gehiagok hartzen dute beren gain ustiategien titulartasuna, eta erabaki-guneetan parte hartzen dutenak ere gero eta gehiago dira. Laguntzaile ikusezinak izatetik eginkizun aktiboa izatera igaro gara landa-jardueren kudeaketan, berrikuntzan eta dibertsifikazioan». Bestalde, Etxaldeko Emakumeak elkarteko Amets Ladislaok gaur egungo beharrizanetan jarri du arreta: «Oraindik ere badira arrakalak lanaren aitorpenean, kontziliazioan eta lurraren jabetza eskuratzean. Landa-inguruneko profesionalizazioa, zainketen arloko laguntza eta bizi-baldintzen hobekuntza bultzatzen duten politikak eskatzen ditugu». Azkenik, Saskiako presidente Lorea Momeñek lankidetza-lanaren garrantzia nabarmendu du: «Landa-eremuko emakume-elkarteen arteko sareak eta erakundeekiko lankidetza funtsezkoak dira aurrera egiteko. Bizkaiko Foru Aldundiarekiko lankidetza-esparruak aukera ematen digu guztion artean proiektuak sortzen jarraitzeko, prestakuntza bultzatzeko eta nekazaritzaren sektoreko eremu guztietan emakumeen presentzia indartzeko».
Bizkaiko Foru Aldundiak emakume baserritarrekiko konpromisoari eusten dio, Landa XXI, Etxaldeko Emakumeak eta Saskia elkarteekin gauzatzen diren laguntza-, prestakuntza- eta lankidetza-programen bidez. Hitzarmen hori lagungarria izan da, batetik, emakume baserritarrekin zuzeneko elkarrizketa indartzeko eta, bestetik, laguntza emateko eta batera lan egiteko lerroak diseinatu direnean haien ikuspegia kontuan hartzeko.