EREIN, BORROKATU, BIZI.

EREIN, BORROKATU, BIZI. Hamar emakumeren arrastoak baserritarren mugimenduan.

"EREIN, BORROKATU, BIZI. Hamar emakumeren arrastoak baserritarren mugimenduan" liburuaren argitalpen kanpainarekin jarraitzen dugu. Testu honen bidez liburuan aurkitu ditzakegun edukiak aurkezten ditugu:

EREIN, BORROKATU, BIZI. Hamar emakumeren arrastoak baserritarren mugimenduan.

Izenburu horixe dauka aurtengo udan aurkeztu dugun liburuak. EHNE-Bizkaia sindikatuaren ekimenez eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren babesarekin idatzitako lana da. Emakume baserritarrak dira protagonistak bertan. Aspaldikoenak 89 urte ditu, oraintsukoenak 41. Baina hari beraren txirikordak dira. Lurraren zaintzarekin lotutako emakumeen belaunaldiz belaunaldiko haria. Etorkizunik izango bada, sendotu beharreko haria da, zalantza barik.

Jatorri, belaunaldi eta bizipen ezberdinak izan dituzte hamar emakumeok. Baina guztiek izan dute lotura Euskal Herriko baserritarren mugimenduarekin eta sindikalgintzarekin. EHNE sindikatuaren jaiotza bera ezagututakoak dira batzuk. Beste batzuk, berriz, lehen emakumeak izan ziren Bizkaiko EHNEren zuzendaritzan, edo eta ardura teknikoetan. Gaur egun ardura horietan dihardutenak ere, tartean daude.

Libe Plaza, Maritxu Telleria, Mariasun Borde, Maite Aristegi, Arantza Arrien, Glori Dehesa, Helen Groome, Malu Egiluz, Amets Ladislao eta Alazne Intxauspe. Nekazariak eta abeltzainak. Nekazaritza eta abeltzaintza iraunkorraren aldeko militanteak. Feminismotik, izena bera ere jakiteke kasu batzuetan, jarri dute gorputza eta zaindu dute lurra. Eta, bakoitzaren aukeren neurrian, oraintxe ere horretan dihardute.

Liburu hau ez da entsegua ezta ohiko ikerketa lan bat ere. Lan xume honetan hamar bizi historia batu ditugu. Eta horien bidez, hamar emakume horietako bakoitzaren arrastotik, alor amankomunak atzeman ahalko dituzue. Hala nola, lurrarekiko maitasuna, konpromiso kolektiboa, lurreko langile izatearen harrotasuna, generoak eragindako pisua, eta oztopo edo zailtasunei aurre egiteko determinazioa. Nekazaritzak eta abeltzaintzak azken hamarkadetan Hego Euskal Herrian bizi izandako etena eta agroindustrializazioaren zein globalizazioaren eragina haien azaletan ezagutu dute. Eta, hala ere, hemen daude, Lurraren zaintzan eta elkar zaintzan erresistitzen jarraitzeko prest.

Bakoitzaren bizi istorioak, eta sektorearen beraren bilakaeraren kronika

Hamar emakumeok joan den ekainaren 27an Arteako Bentan eginiko aurkezpenean nabarmendu zutenez, “beste ehunka emakume baserritarren ordezkari” sentitu dira liburu honetan kontatutakoen bidez; “gu ageri gara, baina beste hainbat izan zitezkeen”. Izan ere, bakoitzaren biografia jaso dugu, eta bide batez esanda, bizitza intentso, dinamiko eta gorabeheratsuak dira hor tartean ageri direnak. Baina bakoitzaren bizitza kontatzerakoan, azken ia 50 urteotan lehen sektoreak Bizkaian eta Gipuzkoan bizi izan duen bilakaera ageri da, baita sindikatuaren jardueraren bidea ere.

Eta, zelan ez, emakume baserritarren eskubideen alde eginiko borroken oihartzunak.

Bakoitzaren kontatzeko modua eta jarioa jasotzeko ahalegina egin dugu. Eta bihotzetik kontatutakoak izan dira. Baserritarrak ez diren irakurleentzako ere erakargarria dela adierazi digute irakurle batzuek. Lurreko langileentzako, eta batik bat EHNE-Bizkaia eta Etxalde mugimenduarekin konpromisoa izan duten eta duten baserritarrentzako, berriz, hainbat gai ezagun gogora ekartzeko eta hausnarketa partekatzeko tresna ere izan daiteke.

Besteak beste, hamar emakume hauen bizi istorioetan ageri dira sindikatuaren sorrera garaiak, esne grebak, elkarteen sorrera, emakumeen gizarte segurantza lortzeko borroka, eskualde ezberdinetako oihartzunak, EHNE Konfederazioaren baitan gertatutakoak, EHNE-Bizkaiatik nekazaritza eredu iraunkorraren alde eginiko apustua eta horren ondorioak, gaur egungo erronkak... Eta horregaz guztiagaz batera, kolapsatzen ari den sistema honen aurrean, tokiko elikadura sistema iraunkor eta osasungarriari ekiten jarraitzeko aldarria ere ageri da, emakumeon ahotsetan.

Liburuaren deskarga esteka honen bidez egin daiteke: Emakume baserritarrak 

Leave a Reply

Your email address will not be published.Email address is required.

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.