Baserritik mundura

Asteburu honetan (Urtarrilaren 18/21) Baserritik Mundurako bigarren edizioak bere bilkura egin du. Lau egunez Euskal Herri osotik datozen partaideak Ondarruko Arrigorri ostatuan bildu dira.

Ohitura denez, oso asteburu intentsoa izan da hau ere, asignatura diferenteak, harremanen sakontzea, talde lana, aisiarako espazioa… Asignaturei dagokionez, Asteburu honetan Baserria, nekazaritza eta elikadura Euskal Herrian gaia landu dute. Horretarako Unai Aranguren (EHNE Bizkaia) eta Alazne Intxauspe (Etxalde) izan dituzte gidari. Euskal Herriko nekazaritzak izan duen bilakaera historikoa eta azken urteetan gertatu diren gertaera nagusiak aztertu ondoren; nekazal mugimenduaren erronkak aztertu zituzten.

Feminismoa elikadura burujabetzan: feminismo baserritarra ikasgaian ordea, Leticia Urretabizkaiak eta Maritxu Arroyok (Etxaldeko Emakumeak) eredu agroindustrialaren hausnarketa diferentea egin zuten. Ekoizpenean gauzak nola aldatu diren beste asignaturetan ikusi bada ere, beraiek harreman sistemaren aldaketak nabarmendu zituzten; eredu agroekologikoetan eraikiko diren harremanak ere nolakoak diren kontuan hartzeko. Bestetik, elikaduraren katean ikuspegi feminista txertatzeko ideiak guztion artean eraiki zituzten.

Beti bezala, partaideek beraien espazioak izan zituzten. Asteburuaren hasieran azken hiru hilabetetako lana azaldu zuten; beraien ikerketa plan eta galderak zehaztuz doaz, eta zein lurraldetan burutuko dituzten ere nahiko argi dute (batzuk behintzat). Talde bakoitzak ere bere izena eta izana definituz doa, eta zentzu horretan larunbat gauean beraien izaera azaltzeko mistikak edo ekimenak burutu zituzten.

Ikerketa ekintza partehartzaile prozesuetan laguntzeko Bea Casado, Janaina Strunzak (MST) eta Zesar Martínezen laguntza dute. Pausoak azaldu, zalantzak argitu, buruhausteetan lagundu… Eta oraingoan gainera Fede Abreuk Elikadura burujabetzarako herri komunikazioa asignaturarekin, elkarrizketak egiteko “arauak”, komunikazio eraginkor baterako aholkuak etabarrak landu zituzten.

Asteburuaren beste puntu gorena ostiralean Ondarruko kofradia zaharrean arrantzaren sektorea ekonomia globalizatuaren aurrean mintegia izan zen. Bertan Leo Belaustegi 12mila-ko taldekidea, arrantzalea eta LAB sindikatuan arrantza sektoreko liberatua izandakoa; eta Anne Marie Verges, Donibaneko artisau arrantza itsasontzi bateko patroia, Frantziako Arrantzale Artisau Txikien Plataformako ko-zuzendaria eta Arrantzale Herrien Foro Munidaleko kordinazio taldekidea parez pare aritu ziren. Arrantzaren egoera aztertu zuten eta etorkizunerako alternatibak planteatu ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.Email address is required.