Euskadiko nekazaritza lurren % 5 ekologikoan ziurtatuta dago, oso urrun ‘Baserritik mahaira’ Europako Itun Berdearen helburua betetzetik, hau da: 2030ean lurren %25 eredu ekologikoan kudeatuak izatea, alegia.
2023an ekoizpen eredu ekologikoan kudeatutako 1.668 hektarea berri ziurtatu ziren Euskadin. Horrenbestez gurean, guztira, 10.772 hektarea daude ekologikoan ziurtatuta. Azaleraren aldetik, Bizkaian eman da hazkunderik nabarmenena, % 29ko igoerarekin, abeltzaintza-jardueren izen ematearen eraginez. Beste lurraldeetan hektarea-kopurua apalago hazi da: %20 Gipuzkoan eta %13 Araban. Kontuan izan behar da, hala ere, ekologikoan ziurtatutako azaleraren erdia baino gehiago Araban dagoela (%55), eta honen atzetik datozela Gipuzkoa (%24,5) eta Bizkaia (%20,5).
Eragile kopuruari dagokionez, Kontseiluaren erroldak %3ko igoera izan zuen 2023an (guztira 51 profesionalek eman zuten izena nekazaritza ekologikoan). Azpimarratzekoa da izen emateen %80 ekoizpen konbentzionalean jarduten zuela aurretik eta eredu ekologikorako urratsa eman dutela. Bestalde, alta berrien %35 titular gazteak dira (45 urtetik beherakoak) eta horietako %80 bere jarduna osotasunean ekoizpen ekologikora bideratzeko erabakia hartu du.
Lurraldeka, hazkunde handiena Araban eman zen (%7koa). Hala ere, Gipuzkoa profesional gehien dituen probintzia izaten jarraitzen du. Bizkaiak, aldiz, %2ko jaitsiera jasan du 2023ko datuekin alderatuta.
Baserritik mahaira erronka
Nekazaritza ekologikoak goranzko bidea jarraitu arren, une honetan Euskadiko nekazaritza lurren %5 ekologikoan ziurtatuta dago, oraindik urrun ‘Baserritik mahaira’ Europako Itun Berdearen helburua betetzeko. Hau da, 2030ean lurren % 25 ekologikoa izatea. Egungo egoerak argi erakusten du Euskadiko nekazaritza ereduak ekologikoranzko bilakaera nabarmena eman beharra daukala datozen 6 urteetan, helburua beteko bada.
Erronka horri heltzeko bidean garrantzitsua da, alde batetik, bertoko ekoizpen ezaugarrietara egokituta dagoen nekazal ekoizpen ekologikoa babesten jarraitzea, agroekologia bultzatuz. Eta bestetik, ekoizleentzat merkaturatze modu duinenak indartzea eta kontsumitzaileei horiek erabiltzeko erraztasunak ematea.
Azkenik, gizartearen zati handi batek ekologia, ingurumena, osasuna, bizitza eta ondo elikatzearen inguruan kontzientziazio altua du, baina ekintzarako deia egin behar da, erronka bertoko elikagai ekologikoak aurkitu eta erostea da.