Eguna Gotzone Sestorainekin hasi zen (Leitzako baserritarra, ardi ekoizlea, Idiazabal gaztagilea, Etxalde, Etxaldeko Emakumeak eta Leitzeko kontsumo taldeko kidea). Etxaldeko kideak gogoratu zituen, Mixel Berhokoirigoini bereziki: «Gure maisu handiari ere eskaini genion gaurko ekitaldi hau, gaur egin diezaiokegun omenaldirik handiena bide horri jarraipena ematea baita».
Sestorainek adierazi zuen egungo elikadura-sistemek gero eta ahultasun eta arazo gehiago dituztela, bai iraunkortasunaren ikuspegitik, bai elikagaien segurtasunaren ikuspegitik. Beraz, elikagai- eta nekazaritza-sistemen norabidea aldatzeko eta elikadura-sistema iraunkor baterako bideari ekiteko ordua iritsi da, horretarako beharrezkoak diren tresnak antolatuz. Bere ustez, baserritarrei trantsizioa egiten lagunduko dien ibilbide-orri bat diseinatu behar dugu.

Jardunaldia hiru zatitan banatu zen. Lehenengoan parte hartu zuten Mikel Hiribarren (baserritarra, DO Ossau Iratyko ardi-ekoizlea, ELB eta Etxaldeko kidea, Itsasuko alkatea eta Confederation Paysanneko idazkari nagusi ohia), Andoni García (EHNE-Bizkaiako Batzorde Eragileko, COAGeko, Etxaldeko eta Europako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko kidea, eta Amets Ladislao (baserritarra, Bizkaiganeko kidea, Bizkaiko EHNEko Batzorde Eragilekoa, Etxaldekoa eta Etxaldeko Emakumekoa), eta testuinguru orokorretik zehatzera egin zuten.
Hiribarrenek nekazariek aurre egin behar dieten "erronka handiak" azpimarratu zituen, beren ekoizpen-eredu iraunkorragoekin eta kasu askotan nekazaritza ekologikoekin jarraitzeko. Elikagai osasuntsuak, genetikoki eraldatu gabeak, ongarri kimikorik gabekoak, animalien ongizatea bermatuz, lan baldintza onekin ekoiztea, basoak zaintzea... dira egungo eredua berreraikitzeko "apustu handiak".
Andoni Garciak, bere aldetik, azpimarratu zuen "ziklo politiko berri" batean gaudela, krisiek eta, bereziki, klima-aldaketak sortutako krisiak baldintzatuta. Europako nekazaritza-esparruaren errepasoa egitean, Europako Itun Berdea nabarmendu zuen, poluzioa kontrolatzeko neurriak, gizarte-politikak eta klima-aldaketaren aurkako ekintzak, iraunkortasun-legeak, gas-isurien murrizketa, energia-eraginkortasuna, ekonomia zirkularra eta ekonomia berdea biltzen dituena. Eta, horren barruan, Etxaldetik Mahairako Estrategia, EBko egungo elikadura-sistema eredu iraunkor baterantz eboluzionarazi nahi duena. Azkenik, egungo NPBa kendu eta berria egitearen garrantzia azpimarratu zuen: "Gaur egun ez dago nahikoa tresna prezioei, errentagarritasunari eta laguntzei buelta bat emateko. Gero eta gutxiago sartzen dira sektorean".
Azkenik, Amets Ladislaok planteatu zuen 8.500 pertsona gehiago aritu behar direla lanean 2030. urterako. Lehenengo bost urteetan, 1.200 eurotik gorako oinarrizko errenta ziurtatu beharko litzaieke, Gutun Sozialak ezartzen duen bezala. Gainera, familia baserririk ez dutenei, hau da, kaletik sektorera datozenei, bereziki lagundu behar zaie. Atzo aurkeztu zen dokumentuan sektoreko erretiroetarako proposamen zehatzak ere jasotzen direla adierazi zuen: "1.080 euroko gutxieneko erretiro-pentsioa jasotzeko eskubidea planteatzen dugu, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunean ezartzen den bezala".
Ladislaok adierazi zuenez, "elikadura politiken erdigunean jarri behar da; bizirik irauteko jan egin behar dugu, eta elikagaien ekoizpena eta kontsumoa da gizartean eragin handiena duen jarduera". Adierazi zuenez, "industria-ereduak planeta berotzen du eta nekazaritza ekologikoak hoztu egiten du; beraz, eredu agroekologikoak lehentasunezko eta premiazko apustua izan behar du".