* Gotzone Sestorain Etxalde-ko kidea da
2024ko lehen hilabetetan bai Europa osoan, baita Euskal Herrian ere, nekazarien mobilizazioak izan dira protagonista, sektoreak duintasunez bizitzeko dituen zailtasunak eta etorkizuna argi ez ikusteak izan dituztelarik erregai nagusia, zenbait tokitan agroindustriaren esku ezkutuek ere xaxatu eta baliatu dutelarik olatua.
[Naiz]
2024ko lehen hilabetetan bai Europa osoan, baita Euskal Herrian ere, nekazarien mobilizazioak izan dira protagonista, sektoreak duintasunez bizitzeko dituen zailtasunak eta etorkizuna argi ez ikusteak izan dituztelarik erregai nagusia, zenbait tokitan agroindustriaren esku ezkutuek ere xaxatu eta baliatu dutelarik olatua.
Aurreko etxaldeko zenbakian argi azaltzen zen bezala, arazoaren jatorria eta honek esakatzen dituen soluzioak ez dituzte kokatu deitzaile guztiek norabide berean. Sindikatuek jokatu duten papera ere ez da izan berdina lurralde guztietan. EHNE‐Bizkaiak eta ELBk mobilizazioak lideratu dituzte mezuaren jopuntu nagusitzat merkataritza joku‐arauak seinalatuz; beste batzuek, berriz, komunikabideek hauspotutako plataformen bulkada jarraitu dute, mezu nahas‐pilatsuen artean galdurik.
Nafarroan gertatu da azken hau. Hemen, mobilizazio zikloaren lidergoa otsailaren 6ko plataformaren eskutik etorri baita, askotariko jendea elkartuz, era guztietako mezu eta aldarrikapenekin, tartean azken urtetan nekazaritza eredu industrialak sortutako hondamena zuzentzera datozen ingurumen neurrien kontrakoak ere bai. Olatu honek utzitako ondorio bat da hor jo ta su ibili diren hainbat nekazarik «semilla eta belarra» elkartea sortu izana. Azken urtetan sindikatuek eta administrazioak egindako bidearekin oso gustora ez eta sektoretik barrutik etorkizunari buruzko gogoeta prozesu bat abiatu nahi duten sentsibilitate desberdinetako nekazariak batzen omen dituena.
Gure ereduaren ahotsarik gabe
Testuinguru honetan Nafarroan elikadura burujabetza eta nekazaritza eredu iraunkorraren alde dihardugun hamabi nekazari txikiren elkartek, tartean Etxaldek, kalera ateratzeko beharra sentitu dugu, horrenbeste zarata mediatikoren artean guk defendatzen dugun ereduaren ahotsa inork ez duelako ordezkatu gure lurraldean. Badira urteak gure artean eta gizarteko hainbat eragilerekin lankidetzan bizi dugun muturreko egoerari aurre egiteko alternatibak eta proposamenak lantzen ari garena. Elikadura burujabetzaren aldeko manifestua da, besteren artean, lanketa horren emaitzetako bat.
Apirilaren 27an, berriz, gure aldarrikapena Iruñako kaleetara eramatea erabaki dugu ereduaren gaineko eztabaida sustatzeko asmoarekin, bidelagun ditugun kontsumo arduratsuko, sindikatu, lurraldearen defentsako, feminismoko eta hainbat gobernuz kanpoko elkarteren babesarekin. Bertan salatuko dugu Nafarroan, orain arte bezala, agroindustriak eta merkatuek sustatutako bidea jarraituz gero lehen sektorea amildegira doala, nekazaririk gabeko nekazaritza eredu industrial batera doalako, guztion diru publikoarekin eta azken urtetako politika publikoek sustatuta, izan nekazaritzakoak edo merkataritzakoak. Gogoratu honek inpaktu larriak sortu dituela lurralde osoan: ingurumenean kutsadura eta biodibertsitate galera, sozial mailan lanpostu suntsiketa, landa eremuaren gainbehera eta herritarren osasunaren kaltetzea, baina baita nekazariaren subiranotasun galera ere.
Honen aurrean ikustarazi nahi dugu badagoela beste eredu bat, elikadura burujabetzan oinarritutako nekazaritza eredu iraunkorra: eskala txiki‐ertainekoa, dibertsifikatua, transizio agroekologikoa sustatzen duena, tokiko merkaturatzera eta tokiko kontsumora bideratua, justuagoa bai ekoizleentzat, bai kontsumitzaileentzat, kutsadura murriztuko duena, ekoizle txikiei lagunduko diena eta familiako nekazaritza‐sektorearen eta landa eremuaren desagertzea geldiaraziko duena. Gizarteratu nahi dugu, bide batez, badauzkagula proposamenak, 70tik gora neurri jasotzen dituen manifestuak transiziorako marko bat eskeintzen baitu. Baina, transizio agroekologikoak borondate politikoa irabaztea eskatzen du politika publikoetan erabateko norabide aldaketa eman dadin eta honek inoiz baino gehiago gizartearen bulkada eta konpromezua behar du. Larunbateko argazkiak lurra zaintzen duen nekazariaren eta gizarte konprometituaren arteko aliantza hori irudikatu nahi du.