Iñaki Sanchez Lafuente (Malerreka bizirik): “Bizitza ez da berriztagarria”

[erran.eus]

Malerreka Bizirik plataformaren izenean Joseba Sanchezek bidalitako gutunean, urtarrilaren 14an Iturengo herriko etxean eguerdiko 12.00etan eginen den ekitaldira joateko gonbita zabaldu nahi du.

Malerreka

Urte bat joan da gure zonaldean Zelena Renovables SLU eta Elicio Eólica SL enpresek garatu nahi zituzten megaproiektu eolikoen berri izan genuenetik. Mamu horien itzal beldurgarria gure mendi artean sumatu eta berehala herritar batzuk biltzen eta antolatzen hasi gara proiektu horien nondik norakoak aztertu, adituen informazioa bilatu eta biztanleen artean eztabaida-guneak zabaldu nahian.

Gure helburua enpresa handi horien asmo ezkutuak salatzea eta iritzi kritikoak herritarrengan sortzea da. Gaur egun makroproiektu horien egoera honako hauxe da:

    • Irakurri parke eolikoaren kokapena (Zelena Renovables): Ezkurra, Eratsun, Saldias eta Beintza-Labaien. Potentzia: 132 kW. Industria departamenduak baimendu du sareerekiko lotura.
    • Azkua parke eolikoaren kokapena (Zelena Renovables): Etxalar, Igantzi, Sunbilla eta Arantza. Potentzia: 132 kW. Industria departamenduak baimendu du sareerekiko lotura.
    • Usana parke eolikoaren kokapena (Elicio Eólica): Eratsun, Saldias, Beintza-Labaien eta Zubieta. Proiektu hau itzulia izan da (¡momentuz!) sareak ez baitu energia ebakuatzeko ahalmenik.

Nazioarteko enpresa horien helburua ez da gure behar energetikoak modu jasangarrian asetzea. Hemen sortutako energia kanpoan saltzea da beraien negozioa (administrazio ezberdinen babesaz).

«Nazioarteko enpresa horien helburua ez da gure behar energetikoak modu jasangarrian asetzea. Hemen sortutako energia kanpoan saltzea da beraien negozioa (administrazio ezberdinen babesaz)»

Aerosorgailu erraldoi horien tamaina beldurgarria da (ia 200 metroko altuera!) eta beraiek instalatzeko egin beharko liratekeen triskantzak itzulezinak: 6-8 metroko zabalera duten pistak ireki, porlanezko zapata ikaragarriak lurrean sartu, tutueria lurperatzeko kilometro luzetako zangak ireki eta bataz besteko 20 urteko bizitza duten aerosorgailuak bertan gelditu.

Eskualdean utziko lituzketen balizko onurak (lanpostuak, udalei bideratutako ordainak...) hutsaren hurrengoak dira gure bizkar jasoko genituzkeen kalteen aldean: gure etxe eta lur-eremuek galduko luken balio katastrala (inmobiliariek ongi dakitenez), gizakiengan eta gainontzeko animalia-landaretzan nozituko liratekeen osasun arazoak (ikerketa ugari argitaratu da).

«Argi dago energia fosilei agur esan behar diegula nahitaez. Energi-iturri berriztagarri eta garbiei ateak ireki behar dizkiegula ez dago eztabaidagai baina presioak ez gaitu itsutu behar»

Argi dago energia fosilei agur esan behar diegula nahitaez. Energi-iturri berriztagarri eta garbiei ateak ireki behar dizkiegula ez dago eztabaidagai baina presioak ez gaitu itsutu behar. Trantsizio hau nola egin dago jokoan eta hemen ideiak eta jokamoldeak aldatu beharrean gaude denok: gure kontsumo-ohiturak eztabaidaren erdigunera ekarriz eta kontzeptu berriei buruz hausnartuz (desazkundea, energia-komunitateak...).

Horretarako ahalik eta informazio garbiena trukatzea ezinbestekoa da erabaki arrakastatsuak hartuko baditugu. Planetaren etorkizuna dago jokoan eta gure aldetik herritarren parte-hartzea galarazi nahi duten proiektuei alternatiba eraginkor eta demokratikoekin erantzun behar diegu.

«Trantsizio hau nola egin dago jokoan eta hemen ideiak eta jokamoldeak aldatu beharrean gaude denok: gure kontsumo-ohiturak eztabaidaren erdigunera ekarriz eta kontzeptu berriei buruz hausnartuz (desazkundea, energia-komunitateak...)»

Garaiz gaude, gu, paraje hauetako biztanleok eta ondare natural eta historikoa gure arbasoengandik jaso dugunok modu sostengarrian pasa diezaiegun ondoko belaunaldiei.

Guzti honetaz solastatzeko eta gure arteko indarrak biltzeko urtarrilaren 14an eguerdiko 12.00etan Iturengo herriko etxean eginen dugun ekitaldira gonbidatzen zaitugu.

Lurrak bizi gaitu. Lurra behar dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.Email address is required.