Aritz Otxandiano EH Bilduko militante eta Mondragon taldeko goi karguak orain dela bi aste egunkari honetan bertan idatzi zuen artikuluari erantzutera gatoz gaurkoan. Azkenaldian Aritz Otxandiano EH Bilduren interes politikoak eta Mondragon taldearen interes ekonomikoak defendatzen ari da publikoki, biak hertsiki lotuak elkarri. Testua Euskal Herria Bizirik-en jardunari zilegitasuna kentzeko saiakera gisa ulertu dugu, eta, ondorioz, beharrezkoa ikusi dugu Otxandianoren hitzei erantzutea.
Esanguratsua da gisa honetako pertsonaia ezagun eta goi kargudun batek Euskal Herria Bizirik bezalako iniziatiba sozialeko eragile bati dimentsio honetako erasoa egin izana. Honek EH Bizirik-ek egungo panorama soziopolitikoan duen garrantzia onartzeaz gain, EH Bildu eta Kreanek mahaigaineratu duten proposamen ekologikoaren fartsari aurre egiten saiatzen dena isilarazten edo, gutxienez, sinesgarritasuna kentzen saiatuko direla argi utzi digu EH Bilduko militante den Aritz Otxandianok. Bestalde, oso esanguratsua da, eta gaiaren konplexutasuna agerian uzten dute EH Bildu barnean ikusi ditugun desadostasunek, Aramaiokoa kasu.
Energia berriztagarrien zabalpen masibo hau egin ezean dugun etorkizun ilunarekin, kapitalismo grisarekin, mehatxu egiten digu. Egungo egoera ekologikoari aurre egiteko beste aterabiderik ez balego moduan. Berriztagarrien zabalpen masibo honek kalte handiak eragingo ditu ekosisteman. Hemen adibide bat.
Eoliko bakar baten zimendatzea egin ahal izateko datuak dira honakoak:
-
- 3.000 m3-ko zulo bat egin beharra dago, hau da, igerileku olinpiko baten neurriko zuloa.
- 800 m3 hormigoi erabiliko dira.
- 75 tona altzairu.
Eoliko bakar batek:
-
- 170 m2-ko azalera hartuko du palekin, 22.000 m2-ko ekortze edo barrido azalera sortuz.
1 GWeko energia sortu ahal izateko 5 MWeko 200 dorre ezartzeko behar den mineral kantitatea honakoa da:
-
- 160.000 tona altzairu.
- 2.000 tona kobre.
- 780 tona aluminio.
- 110 tona nikel.
- 85 tona neomidio.
- 7 tona disprosio.
Otxandiano horren jakitun da, eta, nahiz eta desazkundeaz eta eredu post-kapitalistaz hitz egin, gutxi batzuen irabazi ekonomikoak lehenesten dituen eredu ekonomikoaren aldeko apustua egin du. Europan berriztagarrien aldeko apustua egiten da, munduko herrialde askotako aztarna ekologikoa handitzearen trukean.
Berriztagarriak eta lurra
Bestalde, ez omen du ulertzen energia berriztagarrien zabalpenak nola baldintza ditzakeen nekazaritza eta abeltzaintza. Lasai, guk azalduko dugu. Egun mahai gainean dauden proiektu guztiak ikusiz gero, argi dago berriztagarriek okupatuko duten lur azalera oso handia dela, hektarea askori buruz ari gara hizketan. Alde batetik, lur mugimendu oso handiak egiten dira berriztagarriak ezartzeko orduan, eta horrek zuzenean lurrek elikagaiak ekoizteko duten gaitasuna murriztea dakar.
Bestetik, azpiegitura erraldoi horiek ezartzen diren leku askotan (plaka fotovoltaikoak doazen leku guzietan) ezinezkoa da elikagaiak ekoiztea. Azpiegitura erraldoi horiei elektrizitatea gorde eta garraiatzeko azpiegiturak gehitu behar zaizkie, eta jakina, horiek ere lurra edo itsasoa behar dute. Eraikitzen ari diren Gueñes Itsaso, 400.000 volteko autobide elektrikoa edota eraiki nahi dituzten Gatika-Frantzia eta Forestaliakoa ditugu horren adibide. Beraz, nahikoa erraz ondoriozta dezakegu berriztagarrien zabalpen masibo honek nekazaritzan eta abeltzaintzan izango duen eragina gutxienez esanguratsua izango dela.
Otxandianok balizko trantsizio klimatiko gisa izendatzen duenaz ere badago zer esanik. Energia iturri fosilak ordezkatzeari buruz ari da behin eta berriz, eta jakina, denok ados gaude horretan, baina egiten duen proposamenarekin ez. Egungo larritasun ekologikoa neurtzeko erabiltzen den metodologia ezagunenak bederatzi muga biofisiko hartzen ditu kontuan, eta horietako bakar bat gainditzeak egun ezagutzen dugun oreka ekologikoa apurtzeko arrisku erreala dakarrela diote adituek. Iturri beren arabera, sei gainditu omen ditugu jada. Hori jakinda, Otxandiano eta konpainiaren proposamenak klima larrialdiari erantzuteko pretentsioa du soilik, hau da, sei puntutik bakar bati erantzuteko ahalegina da, berau aurrera eraman ahal izateko egin behar den mineral eta material ezberdinen erauzketak, ekoizpenak eta abarrek beste puntu guztietan arazoa handitzea dakarten bitartean.
Baina proposamenaren antzutasuna ez da horretara mugatzen. Proposamen hau aurrera eraman ahal izateko egungo energia kontsumoaren elektrifikazioa ezinbesteko baldintza da, eta hau, gaur-gaurkoz, ez da posible. Garraioa, elikagaien ekoizpena eta meategien ustiaketa bezalako ekintzak (horren beharrezkoak elektrifikaziorako) elektrifikatzeko teknologien zabalpena gertatu ahal izateko baldintzarik ez dago gaur egun. Jada asmatu direnen funtzionalitatea ere ez dago frogatua eskala handian. Aipaturiko jarduera horiek egungo energia kontsumoaren zati handienaren arduradunak dira; beraz, kontuan hartu beharreko esparruak ditugu dimentsio horretako proposamena egiterako orduan. Otxandianok defendatzen duen proposamenak egungo energia kontsumoaren %30 elektrifikatzeko asmoa erakutsi du; momentuz %20ra iritsi gara. Hori kontsumitzen den energiaren zati bat bakarrik izateaz gain, proposamen honek 25-30 urteko biziraupena duela azpimarratzea garrantzitsua da. Hori baita proposatzen dituzten eoliko handien biziraupena. Denbora tarte hori oso txikia da ekologikoki dugun arazoari erreparatzen badiogu; beraz, proposatzen duen trantsizio klimatikoak gutxi du trantsiziotik.
Ez kapitalismo berde eta ez kapitalismo grisik
Hori guztia ikusirik, argi dago hazkuntza ekonomikoa alde batera uztearen beharra ezinbestekoa dela, jada gainditu ditugun sei muga biofisikoei erreparatuz konponbidea aurkitu nahi badugu behintzat. Hazkuntza ekonomikoa alde batera uzteak ez du esan nahi gure oinarrizko beharrizanak asetzeari muzin egin behar diogunik, are gehiago, hazkuntza ekonomikoa gelditzea egun ekoizten dugun aberastasuna boteredunen esku gutxi horietatik kendu eta sozializatzetik hasten da, ondoren ingurune naturalarekin harremana izateko modurik egokiena aurkitzeko baliabide politiko eta materialak eskuratuz. Beraz, Otxandiano, irrazionaltasunetik urrun, errealitatearen ahalik eta elementu gehien kontuan harturik ari gara lanean. Ez dugulako ez kapitalismo berde eta ez kapitalismo grisik nahi, horren gainditzea baizik.
Hazkunde ekonomikoa helburu duen eredu horren aurrean, Euskal Herria Bizirik-ekoek ingurune naturalaren defentsa lehenesten dugu. Apustu horri indarra emateko, animatu apirilaren 13an egingo dugun manifestazio nazionalean parte hartzera.