Ander Arrieta: “Gure lana herriarentzako etorkizuna da; zertarako behar dugu energia, janaririk ez badugu?

Gorbeiaren magalean, Zigoitia udalerriko Gopegin, Padura baratza proiektu agroekologiko familiarrak 14 urteko bidea egin du jada, barazki, lekale, fruitu eta kontserbak lantzen, bisitak eta tailerrak eskaintzearekin batera, “lurraren eta pertsonen ongizatea erdi-erdian ipinita”. Orain, dimentsio handiko proiektu fotovoltaiko batek (Solaria-Zierbena) baldintzatu dezake beraien etorkizuneko jarduera eta herritarrekin eta Udalarekin batera helegiteak prestatzen dabiltza.

Ander Arrieta

[Etxalde aldizkaria]

Maitasuna eta zaintza daude Padura baratza proiektuaren ardatzean, Ander Arrieta Iturralderen hitzetan (Agurain, Araba, 1985). Eta horregatik, nekazari izateak dakartzan zailtasun edo neke guztien gainetik, bera aberatsa dela diosku; “Nire- tzako, hau bizimodu bat da, ez ogibide bat”.

Nekazaritzarako bidea familiatik datorkizu?

Berez, aitaren familia nekazaria izan da. Orduan, beti izan dut lurrarekiko lotura eta maitasuna. Baina, ofizialki, duela 14 urtetik hona naiz nekazaria.

Nolakoa izan zen hasiera?

Nire bikotekidearen gurasoena zen proiektu hau. Lur hauek jaso zituzten oinordetzan, eta 50 urteak pasata zituztenean, erabaki zuten bizimodu aldaketa egitea, eta neuk ere bat egin nuen proiektuarekin. Lur hauek laboreak lantzeko erabiltzen ziren lehen, eta pentsatu genuen bizitza ematea berriro ere.

Padura baratza...

Ura biltzen den tokia delako.

Zelako lursaila da?

Gorbeiaren magalean dago, Gasteizeranzko norabidean. Hiru hektarea eta erdi lantzen ditugu. Horietatik, 800 bat metro negutegian, eta beste guztia aire librean. Barazkiak, lekaleak (indaba zuri arrozina), fruitu txikiak eta zukurako sagarrondoak ditugu. Orain arte, bi urtean behin, zereal pixka bat ere landu izan dugu, baina errentan hartutako beste lursail batean, eta orain horrekin ezingo dugu jarraitu.

Goazen zure baserriratze prozesua pausoz pauso ezagutzera. Aldez aurretiko proiektu diseinu bati jarraitu zenioten?

Ez, poliki-poliki hasi ginen, lagunentzako eta fami- lia gutxi batzuentzako barazkiak lantzen. Orduan, gutako bakoitzak bere lana zeukan. Gure baliabideen arabera, joan ginen aprobak egiten eta proiektuari forma ematen. Eta eginez-eginez joan da gorputza hartzen. Inprobisazioak lekua izan du hemen. Inprobisazioaren aldekoak gara, egia esan.

Eta noiz eman zenuten pausoa beste lanak utzi eta honetan erabat jarduteko?

Hirugarren urtean ikusi genuen gero eta familia gehiago zegoela gure barazkien zain, eta 3-4 pertsonarentzako lana zegoela hemen. Orduan, batera eman genuen pauso hori orain 10 bat urte. Gerora, nire bikotekidearen gurasoek erretiroa hartu dute, baina hala ere, hona etortzen dira laguntzera egunero. Oso langileak dira!

Nola egiten duzue salmenta? Saskiak aipatu dituzu...

Saskien bidez egiten dugu salmentaren oinarria. 60 familia dira gure kideak. Erdia Zigoitia inguruko familiak dira eta beste erdia Gasteizkoak. Gaur (astelehena) prestatu ditugu saskiak eta bihar goizean goiz Gasteizko bi denda lagunetan utziko ditugu, handik jaso ditzaten.

Saski itxia da? Neurri zehatz bakarrekoa?

Saskia itxia da, 5 kilo ingurukoa. Urte osoan zerbitzatzen dugu; alde biko konpromisoa daukagu familiekin. Guk konpromisoa hartzen dugu urte osoan saskiak zerbitzatzeko, eta haiek konpromisoa hartzen dute urte osoan saskia erosteko. Beraiek ez daudenean, euren lagun edo senideek hartzen dute.

Zer sartu duzu gaur saskietan? (ekainaren 10a da)

Patata, tipulina, azenario pixka bat, borraja, zerba, bi letxuga mota eta tomate kontserba.

Maiatza eta ekaina, garai konplikatuenak dira akaso, ezta?

Bai, lan asko dago baratzean, lantzen, ereiten eta jartzen, eta aldiz barazki gutxi jasotzeko eta zerbitzatzeko. Bueno, ostodunak asko, baina pisudunak gutxi.... Holakoetan oso ondo datorkigu kontserba batzuk edukitzea, saskia osatzeko. Koartangoko Ekotarrikon egiten ditugu, haien erregistroarekin, tomate saltsa, pistoa, sagar zukua, kalabazin krema, edo eta mailukien mermelada.

Saskiez gain, beste salmenta bide batzuk ere erabiltzen dituzue?

Gauza gehiegi dugunean Gasteizko Bioalai elkartean dexente saltzen dugu. Gero, saskiak uzten ditugun bi denda lagun horiei ere saltzen diegu pixka bat. Jatetxe txikiren bat ere hornitzen dugu.

Lur lauak dituzue, ezta?

Bai, guztiz lauak.

Mekanizatzeko arazorik gabekoak...

Bai. Baina gauzak dauden moduan, mekanizazio moduei ere buelta bat eman behar diegula ikusten dugu etorkizunari begira. Guk, adibidez patata lantzeko eta jorratzeko, astoa darabilgu. Animalia bidezko trakzioaren ezagutza mantentzea oso interesgarria izango dela uste dugu.

Beraz, astoa lankide duzue...

Bai, bi txakur zaindariak ere bai. Ardi belar-moztaileak ere baditugu. Eta oilo batzuk, etxerako. Lurra, landareak, animaliak eta geu: denon artean lantzen dugu Padura baratza.

Aprobak egin zaleak zarete? Entsegu eta akatsetatik ikasten ei da gehien...

Bai, saiatzen gara aprobak egiten. Eta beti ikasten da. Adibidez, duela urte batzuk orburu pila jarri genuen eta izotzarekin pikutara joan zitzaigun dena... Orain buruan dugu zainzuri berdea jartzea. Urte sasoi honetan dator, eta hori komenigarria da. Jarri genituen batzuk aprobarako, eta ondo doaz, beraz, jarriko ditugu gehiago, salmentarako.

Ongarriaren gaia zelan kudeatzen duzue?

Behi ikuilu ugari dago hemen inguruan. Ekartzen digute, eta guk gune bat dugu hemen, satsa lantzeko: Aldundiko makina etortzen zaigu bolteatzera, konpostatzeko.

Eta barazkitarako landarea, zeuek lantzen duzue?

Momentuz apur bat bakarrik. Batik bat hazi handiak maneiatzen ditugu; kuiak, kuiatxoak, indabak eta patata. Beste landareak Azkoiendik ekartzen ditugu, Abaurretik.

Cultiva formazio programan parte hartu duzu duela gutxi, ezta? Zer baloratu duzu gehien?

Bai, maiatzean astebete egon nintzen Zeberion, Txato eta Moliren negutegietan. Artistak dira! Gehien baloratu nuena izan zen, hain zuzen ere, haien landare propioa sortzeko egiten duten lanketa. Guk hori beti dugu buruan, baina momentuz ez gara iristen ari...

Ekoizpen agroekologikoa eta salmenta zuzena egiten duzue, baina bisitak eta tailerrak ere bai...

Betidanik ikusi dugu gure baratzea espazio irekia izan behar zela, herrikoentzat, eta gure alabarengan pentsatuz ere... Eta gero, inprobisazioaren bidez, bisitak eta tailerrak egiteko aukerak sortu ziren. Slow food-en bitartez bisitak lotzen ditugu baratzera. Kurtso bukaeran etortzen dira bisitariak, eguraldi onarekin. Bi orduko bisitak dira. Naturarekiko dugun ikuspuntua azaltzen diegu, eta baratzaren inguruan dagoen bizitza ere erakutsi, ez bakarrik barazkiak.

Barazkiez gain, zer ikusten dute ba?

Hiru intsektuen hotelak, barraskiloen etxea... Biltegiaren teilatuko ura jasoteko baltsa ere badugu, eta hor bizitza interesgarria sortzen da. Lan pixka bat ere egiten dute, eta bukaerarako, animaliak ezagutzen dituzte.

Barraskiloen etxea? Zelan da hori ba?

Baratzeko barraskiloak kendu ahala, eremu propio batera botatzen ditugu, han elikatu egiten ditugu... sanprudentzioetan jateko! (barrez).

Eskoletara ere joaten zarete?

Haziren bitartez, Nekazariak eskolan programan gaude. Aurten Hazien Sarearekin ere beste programa batean hartu dugu parte.

Zein da zuen proiektuaren indargune nagusia?

Orain arte gure alde sendoena familia arteko kudeaketa dela uste dut. Harremanetan maitasun hori asko zaintzen dugu. Gure artean atsedenak zaindu eta bakoitzaren nahiak eta grinak hornitu. Lagunen artean agian zailagoa litzateke hori. Ume bat ere badugu. Beti malabareak egiten gabiltza... Askotan baratzera dator gure alaba bere lagunen batekin... Orduan, marrubiak dardarka hasten dira!

Proiektuaren orain arteko zailtasun handienak non egon dira?

Zailtasunak eta oztopoak batez ere norberak sortzen dituenak izaten dira askotan. Adibidez urte sasoi honetan ez da erraza goiari eustea: lan asko dago baratzean, baina jasotzeko gutxi. Sentsazio horiei buelta ematea ere lana izaten da. Goian eustea kostatzen da batzuetan.

Horretarako, beste nekazari lagun eta kideak izatea, gakoa da, ala?

Bai! Hemen ondo-ondoan beste kide bat dugu. Miranda ondoan ere beste batzuk, oso lagunak. Askotan elkartzen gara, animoak goian mantentzeko, eta zeregin praktikoetarako ere bai, landarea erosteko bidaiak partekatzeko, adibidez.

Antolatuta zaudete nekazaritza mugimenduan?

Bai, alde batetik gaude Arabako Bionekazaritza elkartean. Bestetik, Zigoitiako ekonomatoan parte hartzen dugu, eta orain plaka fotovoltaikoen mobidarekin Zigoitia bai herri plataforman ere bagabiltza.

Kontaiguzu; zertan da parke fotovoltaikoen proiektu hori?

Solaria enpresaren Zierbena I, II eta III proiektu handiak dira, Arabako lurretan hiru megaparke fotovoltaiko egiteko. Gure baratza inguruetan dago proiektatuta plaka piloa jartzea, lursailak kenduz eta abar... Aurreproiektua egin dute. Orain, hainbat alegazio lantzen ari gara, bai norbanako bezala (guk Padura baratza bezala aurkeztuko dugu), bai modu kolektiboan. Zigoitiako Udalak ere alegazioak landuko ditu. Uztailaren 10erako aurkeztu behar ditugu.

Trantsizio ekologikoaren alde garratza. Zer deritzozu?

Gu energia berriztagarrien alde gaude, baina ez edozeren truke eta ingurumena suntsituz; horrek ez dauka zentzurik. Beste modu bateko instalazioak proiektatu behar dira, ez holako dimentsiotakoak eta berton janaria ekoiztea eragotziko dutenak. Herriarentzako etorkizuna da gure lana; zertarako behar dugu energia janaririk ez badaukagu?

Elikagai osasungarriak ekoiztu, lurra ere zainduta. Berez, hori baino esentzialagorik...?

Bizitzan benetan inportanteak diren gauzak ez dira baloratzen gaur egun. Tabernan poteoan gabiltzanean danak pagatu nahian, han inoiz ez da galdetzen prezioa. Aldiz, azokara joan eta artzainari prezioa galdezka eta kexaka...

Errenta duina lortzea, betiko erronka nekazarientzat...

Guk 1.000 euro lortzen dugu hilabetero, eta dirua pilatzen bada urte amaieran, banatzen dugu. Orduak zenbatu barik. Nik nire burua, hala ere, aberats ikusten dut. Ez dut gauza askorik behar... hori da aberastasuna ere. Kontua da nik ez dudala ikusten hau lan bat moduan, ez bada ze bizitzeko modu bat bezala. Honetan hasi ginenean, bagenekien ez ginela sartzen lanbide normal batean. Proiektu honen erdigunean dago ongizatea eta zaintza; gurea eta lurrarena. Filosofia horrek mantentzen gaitu ondo, geure lekuan.

Aurtengo nekazarien protestetan askotariko aldarriak nahas-mahasean ikusten dira. Zein da zure iritzia?

Nekazaritzaren historian hanka sartzea egon zen: lurrak gero eta handiagoak, makinak gero eta handiagoak... Nekazariak traktorista bihurtu dira, ez dute lurra ikutzen. Ongizatearen perspektiba galdu da hor. Orduan, ba, kexatzen direnean glifosatoa ezin delako erabili, ba uste dut hori ez dela bidea. Haien aldarrikapen batzuekin ados nago, baina beste batzuekin bat ere ez. Hala ere, ikuspegia zabaldu egin behar dugu denok, ez bakarrik nekazariok; ongizatea, gurea, ondorengoena eta planetarena eduki behar dugu gogoan.

Zer edo zer gehitu nahi duzu?

Nahi nuke animatzea ikuspuntua argi edukitzera. Bakoitzaren autokritika sakona landu behar dugula uste dut. Eguneroko gure mila ekintzek eragina dute mundu osoan, eta pertsona onak izateko hausnarketa sakona behar dugula uste dut.

Leave a Reply

Your email address will not be published.Email address is required.